Hartza eta Pinguino gelako LH6ko ikasleen sorkuntzak aitortu dituzte, emakume zientzialarien lana ezagutarazteko EHUren kartel lehiaketan

2025/02/20

EKINTZA Ikastolako LH6ko ikasleek emakume zientzialarien lana ikusarazteko EHUko Kimikako Fakultateak antolatutako lehiaketan parte hartu dute berriki, bertako zientzialari bi elkarrizketatuz eta kartelak landuz. Gure ikasleen lanak 10 finalisten artean sailkatu ziren, eta Pinguino gelako kartela Kartel Profesionalena kategorian irabazle suertatu zen. Esperientzia aski aberasgarria izan da, STEM bokazioak sorrarazteko zientziaren alorrean emakume erreferente izatearen garrantzia azpimarratzen duena.
 

Hartza eta Pinguino gelako LH6ko ikasleen sorkuntzak aitortu dituzte, emakume zientzialarien lana ezagutarazteko EHUren kartel lehiaketan

Neskek erreferente femeninoak izatea zientzian, estereotipoak hausteko eta arlo horietan lider izan daitezkeela erakusteko funtsezkoa dela uste dugu EKINTZA Ikastolan. Izan ere, zientzialariak ezagutzeak bokazioak sorrarazten ditu eta STEM aukerak modu zuzenagoan eskuratzen laguntzen du. Ildo honetan, joan den otsailaren 11ko Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunaren harira, egitasmo interesgarri batean parte hartzeko aukera izan genuen LH6k ikasleok.

Emakumeek lantzen duten zientzia agerian jarri nahian Ibaetako campusean antolatu ziren jardunaldien baitan, UPV/EHUko Kimikako Fakultateko Berdintasun Batzordeak Lehen Hezkuntzako azken ikasturteko ikasleei zuzenduriko lehiaketa bat antolatu zuen. LH6ko ikasleak parte hartzera animatu ginen eta taldeka, elkarrizketa bat burutu eta mural batean laburtu behar izan genuen. Aurten, Kimika Fakultatearen 50. urteurrena izanik, fakultateko emakume zientzialariak omendu nahi izan zituzten. Beraz, talde parte-hartzaile bakoitzari Fakultateko emakume zientzialari bana egokitu zitzaigun aurkeztutako lanaren protagonista izan zedin.

Hala, gela bakoitzera zientzialari bana etorri zitzaigun: Pinguino gelara Itziar Otaegui eta Hartza gelara Irati Berasarte.

Lehenik, talde handian elkarrizketa sortu genuen. Horretarako, ikasleek txokoka galdera interesgarriak idatzi genituen "brainstroming" baten bitartez. Ondoren, denon artean eta talde handian, galdera guztiak partekatu, idatzi, antolatu eta multzokatu genituen, elkarrizketa txukun bat osatze aldera. Zer falta zitzaigun? Bai! Elkarrizketa antolatzeko lekua atontzea.

Prentsaurrekoa bailitzan, zientzialari bakoitzari elkarrizketa egiteko gauza guztiak prestatu genituen: sarrera egiteko aurkezlea izendatu, galderak banatu, itxiera eta eskerrak prestatu, gelaren antolamendua adostu, mikrofono eta guzti!

Aldez aurretik prestatutako galderak ez ezik, bapatekoak ere bota genizkien Zer da kimika? Zer ikasketa egin zituzten? Zertan egin dute lan? Zein oztopo eta erronka gainditu behar izan diztuzte? Nola ikusten duten etorkizuna? Halako galderek elkarrizketa borobila osatzen lagundu ziguten.  

Eta hura izan zen kartelak lantzen hasteko abiapuntua. Ideia garrantzitsuak atera eta taldeka eduki zati bat bat landu genuen, ideia horiek guztiak kartel batean islatzeko.

Gure lanak aurkeztu ondoren, zientzialari bakoitzeko kartel gustukoena aukeratu behar izan genuen lehiaketara aurkezteko. Ez zen batere erraza izan! Gure hautua eginda, emaitzak jaso genituen Kimika fakultatetik.

3 sari banatu zituzten, kategoria desberdinak kontuan hartuta:

  • Elkarrizketa onena
  • Kartel kreatiboena
  • Kartel profesionalena

Jakin dugunez, lehiaketara, 69 kartel aurkeztu ziren eta Hartza gelako kartela eta Pinguino gelako kartela,10 kartel onenen artean gelditu ziren! Gainera, Pinguino gelako kartela Kartel Profesionalen atalean garaile suertatu zen!

Sari banaketa otsailaren 14an izan zen, Ignazio Maria Barriola eraikinean. Bertan, Kimika fakultateko Dekanoak eta parte hartu zuten zientzialariak bertaratu ziren. Gonbidatu bezala, 10 kartel finalisten egileak eta beraien familia zein irakasleak hurbildu ginen.

Diplomaz gain, bestelako sariak ere jaso genituen, zientzia museorako sarrerak, esaterako!

Oso prozesu interesgarria izan da zientziara gerturatzeko eta alor horretan lanean dihardutem emakumeak ezagutzeko, izan ere, emakume erreferenteak behar baititugu ikasleoak gure etorkizuna erabakitzeko. Azken batean, lehiaketa hau bezalako ekimenek istorio hauek gazteenei hurbiltzen dizkigute, etorkizun berdinzaleagoa eraikiz.