2025/01/24
EKINTZA Ikastolako bi urteko ikasgelatik leiho bat ireki nahi dugu zuen seme-alabei ikastolako lehen urratsetan nola laguntzen diegun erakusteko eta beren egunerokoa ezagutu dezazuen. Gure lana arreta pertsonalizatuan, haur bakoitzaren erritmoekiko errespetuan eta espazioak hezkuntza-tresna gisa erabiltzean datza. Zatoz gurekin!
Sarrera malguak, 07:30etik 09:30era, familiei lasai hartzeko aukera ematen digu. Guretzat funtsezkoa da aita-amek konfiantzaz alde egin ahal izatea, jakinik beren haurrak hasiera-hasieratik sentitzen direla zainduta eta zoriontsu. Beti hartzen zaituztegu prest zure alabak edo semeak gaua nola igaro duen, aurreko egunean zer egin zuten edo partekatu nahi duzuen edozein xehetasun azaltzeko. Etxe eta ikasgelaren arteko zubi hori sortzeko une garrantzitsua da!
Sartu bezain pronto, haurrek erritual txikiak egiten dituzte, ingurunearekin konektatzen laguntzeko: zapatilak zapatila erosoekin aldatzen dituzte, motxilak zintzilikatzen dituzte eta eguneko abentura berriak ezagutzeko prestatzen dira.
Gure ikasgelan mikroespazioak funtsezkoak dira. Txoko bakoitza autonomia, sormena eta ikaskuntza modu naturalean sustatzeko pentsatuta dago. Esploratzeko, sortzeko, jolasteko eta esperimentatzeko espazioak ditugu, eta haur bakoitzak askatasunez aukeratzen du non egon nahi duen une bakoitzean. Horri esker, beren gaitasunak gara ditzakete mundua beren erritmoan gozatzen eta deskubritzen duten bitartean.
09:30ean, kanpoko espazioa ikasgelaren beste luzapen bat bihurtzen da. Espazio irekia da, eta, bertan, korrika egin, gora igo eta aire libreaz gozatu ahal izango dute, betiere beren ikaskuntza-prozesuan gidatzeko bertaratzen diren helduekin batera. Zirkulazio autonomoan ibiltzen dira gutxi gorabehera 10:45 arte, eta orduan “Jasotzera” abestia abestuz hasten gara jasotzen. Bai, oso txikiak dira beraien kabuz bakarrik jasotzeko, baina irakasleak ere jasotzen hasten direnean, berak nola gauza asko imitatu egiten dituzten, denon artean lortzen dugu azkenean gela jasotzea.
Goiz erdian batzarraren unea iristen da. Hau da eguneko unerik esanguratsuenetako bat: haur bakoitzak laukitxo bat du bere argazkiarekin, eta, izendatzean, bere irudia biratzen dute "hemen nago!" esanez. Etorri ezin izan duten ikaskideak ere ordezkatuta daude, ikasgelan haur guztiak baitira garrantzitsuak. Eguraldiari erreparatzen diogu, zer egongo den jateko komentatu, eta ipuinak abesten edo entzuten ditugu. Jarduera horiek taldeko kide izatearen zentzua sendotzeaz gain, hizkuntza, konfiantza eta gozamen partekatua sustatzen dituzte.
Batzarraren ondoren, hamaiketakoa hartzen dugu eta, geroago, jolastokian jolasteko unea, edo ikastolatik gertu dagoen basora paseo txikiak egiteko unea heltzen da. Zorionez, naturaguneak ditugu, arakatzeko, ikasteko eta ingurunearekin konektatzeko agertoki paregabea eskaintzen digutenak. Eta… aprobetxatu egiten ditugu!
Jakina, jarduera hauek ematen diren bitartean, zaintza-uneak haur bakoitzarekiko lotura sendotzeko aukerak dira. Piklerren filosofiari jarraiki, pixoihal-aldaketa edo komuneko denbora bezalako jarduerak une intimo eta errespetuzko bihurtzen dira. Hemen, txikienak dira protagonista: parte hartzera animatzen ditugu, beren autonomia aztertzera eta segurtasuna eta konfiantza sentitzera.
Autonomia pertsonala sustatuz
Bazkalordua autonomia-jaialdi txiki bat da. Haur bakoitzak errutinetan parte hartzen du: eskuak garbitzen dituzte eta amaitzean beren edalontziak eta koilaratxoak jasotzen dituzte. Beren aho-zapiak arropa zikinaren saskira ere eramaten dituzte, eta garbigailua martxan jartzen lagundu ere. Ekintza hauekin, pixkanaka, beren gaitasunez jabetzeko ohiturak hartuz doaz gure txikiak, beti bakoitzaren erritmo eta behar indibidualak errespetatzen ditugun bitartean. Eguerdiko atsedena garrantzitsua da oraindik etapa honetako haur askorentzat. Horregatik, bazkaltzen amaitu ahala, siesta txiki bat egiten dute etxera joan edo arratsaldeko jarduerarekin jarraitu aurretik.
15:00etatik aurrera, familiak iristen hasten dira seme-alabak jasotzeko. Une hau eguneko sentsazio eta gertaerak partekatzeko eta etxe eta ikastolaren arteko lotura indartzeko aukera bat da. Geroago irten eta eskola-autobusean bidaiatzen duten haurrek, berriz, erreferentziazko hezitzaile bat dute lagun. Izan ere, EKINTZA Ikastolan, hezkuntza-taldea etengabeko erreferentzia da haurrentzat. Helduek egunean zehar jarraitzeak lotura afektiboak indartzen ditu adin hain goiztiarretan, eta ingurune segurua eskaintzen die hazteko eta ikasteko.
Kontatzen dizuegun guztiaz gain, astean zehar irteera eta tailer esperimentalak ere egiten ditugu, gure txikien jakin-mina pizteko. Gainera, haur bakoitzaren asteroko egunkariaren bidez, familiek badakizue zer abentura eta balentria dituzten zuen seme-alabek ikastolan!
Ezagutu nahi gaituzu?
Gure 2 urteko gela erakusteko irrikitan gaude. Eskatu bisita pertsonalizatua eta erakutsiko dizuegu nola inspiratzen, zaintzen eta animatzen dugun ikasle bakoitza, 2 urtetik 18 urtera, bere potentzial guztia zabal dezan.
Bisita pertsonalizatua eskatu nahi dut